XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HIZKUNTZA ETA DIALEKTOAK

Iraganean bazatekeen batasun handiagorik hizkuntzan, denbora historiko edo dokumentatuetan baino. Egin dezagun kontu, euskarari dagokion bezainbatean, denbora historikoa oso berandu hasi dela, hots, hamaseigarren mendean, ordukoxeak baitira lehen dokumentu idatziak, gorputz aski zabala dutenak ikerkuntzarako. Mintzatu hizkuntzan badira zenbait euskalki, zazpi R.M. Azkueren iritziz. Idatzira etorririk, zazpi horietarik lauk dute erabilera eta tradizio literarioa. Egun, idatzian, batua deritzona da erabiliena.

HIZKUNTZA ETA DIALEKTOAK

Lehenengo eta behin, begi bistakoa den oharpen bat egin behar da bi termino hauen arteko erlazio asimetrikoaz. Hizkuntza termino absolutua da, berez ulertzen dena, hots, bere buruaz kanpoko beste errealitate bati erreferentziarik egin gabe definitzen dena; horrela, hizkuntzatzat jotzen ditugu turkiera, katalanera, japoniera, euskara, etab. Dialektoa, ostera, nozio erlatiboa da, ezinbestean aurreko kontzeptuari lotua ulertzen duguna; alegia, dialektoa beti hizkuntzaren baten dialektoa izango da, termino horri ez baitagokio berezko izate beregainik. Hortaz, beti hizkuntzaren baten dialektoez (katalaneraren, frantsesaren edota euskararen dialektoez...) mintzatuko gara.

Intuitiboki eta kasu konkretuetan hizkuntza zer den eta dialektoa zer den denok ulertzen badugu ere, oso zaila da kontzeptu hauetako bakoitza teorikoki erabat mugatzea. Adibidez, esan ohi da hizkuntza giza talde bateko kideek elkarrekin komunikatzeko duten hitzezko adierazpidea dela, baina bistan dagoenez, definizio horren arabera zaku berean sartuko genituzke hizkuntza eta dialektoa. Behin-behinean honela definituko dugu dialektoa: bizirik dagoen edo galdu den hizkuntza komun batetik aldendu den zeinu sistema, oro har muga geografiko jakin bat duena, baina jatorri komuneko beste sistemen aldean berezitasun edo bestelakotasun nabarmenik ez duena. Hizkuntzak, berriz, dialektoak ez bezala, beharrezko ditu berezitasun edo bestelakotasun nabarmena kanpora begira eta oso altua den berdintze maila barrura begira. Dena dela, hurrengo atalean bihurtuko gara berriro puntu honetara, dialektoa ulertzeko era zaharkitu bat auzipean jartzeko.

Bestalde, zenbaitetan errealitate linguistiko bakar baten sailkatze desberdinak egin daitezke. Horrela, dialektoaz emandako azken definizioan oinarrituz (bizirik dagoen edo galdu den hizkuntza komun batetik...), latinetikako mintzaira nagusiak (frantsesa, italiera, portugesa, etab.) dialekto edo hizkuntzatzat joko ditugu, aukeratzen dugun ikuspuntuaren arabera: dialektoak dira latinari buruz, hots, ikuspuntu diakronikoaren arabera; hizkuntzak dira ikuspuntu sinkronikoaren arabera edo gaur egungo hizkuntza egoerari begiratuta. Ez dago esan beharrik, dena dela, azken hau dela ikuskera zabalduen eta arruntena, bakarra ez bada ere.

Aurrera baino lehen, bi uste oker salatu nahi ditugu. Hizkuntzen eta estatu politikoen eremuak sarritan bat etortzen dira, baina bat etortze hori bilakaera sozio-politikoaren ondorioz azal daiteke eta ez da inola ere ezinbestekoa, asko baitira munduan estaturik gabeko hizkuntzak (euskara, katalanera eta galiziera Espainiako Estatukoak baizik ez aipatzearren) eta asko dira, orobat, hizkuntza berezirik gabeko estatuak (Suitza, esaterako). Bada gero, dialekto terminoaren erabilera ideologizatu bat eta horren arabera ofizialtasunik gabeko mintzairak erdeinuz dialekto terminoaz izendatzen dira mintzaira horien nortasun linguistikoari erreparatu gabe: dialekto terminoaren erabilera hau onartezina da hizkuntzalaritzaren ikuspegitik.

Atal hau bukatzeko gainera dezagun ez dagoela eta ez dela sekula egon dialektorik gabeko hizkuntza baturik, batzuetan eredu kodetu ofizialak estandarrak bere azpiko ugaritasuna eta aniztasuna ezkutatzen badigu ere. Bestela esan, hizkuntzak errealitate aldakorrak dira eta aldaketa faktore askoren arabera (historia, geografia, gizartea...) gauzatzen da. Horrela, edozein hizkuntzatan hurrengo hizkuntza aldaerak bereizi ohi dira: dialektoak (geografiaren araberako aldaerak), soziolektoak (gizarte taldeen araberako aldaerak), hizkuntza mailak edo erregistroak (lagunartekoa, estandarra, jasoa etab.) eta batik bat gaur egungo gizarteetan teknolektoak edo espezialitateko hizkerak (jakintza arloen araberako aldaerak).